Gizakiaren inpaktua ekosistemetan

Gizakiaren inpaktua ekosistemetan kontzeptua aipatzean, gizakiaren ekintzek ekosistemetan eragiten duten efektuaz ari gara. Beren jarduerarekin, pertsonek eragina izan dezakete biozenosi eta biotopoetan, era zuzenean edo zeharka. Oro har, gizakiak sistema biologikoetan daukan eragina negatiboa da, bertako izaki edota inguruaren hasiera bateko egoera natural eta jasangarria eraldatzen duelako.

Gizakiak ekosistemetan daukan eragin zuzena kuantifikatzeko, gizakiaren influentzia-indizea (ingelesez, Human Influence Index, HII sigla) erabiltzen da. Lurreko eremu bakoitzari dagokion HII balioa esleitzeko, gizakiaren presentziaren inguruko zortzi parametro erabiltzen dira bere jardunean daukan eraginaren adierazle modura. Parametro horiek erlazionaturik daude ondoko azpiegiturekin: populazio-dentsitatea, trenbideak, errepide nagusiak, ibai nabigagarriak, kostalde-lerroak, gaueko argiztapen-sistema, hiri-eremuak eta nekazaritzako lurzoruaren erabilpena (ureztapen-nekazaritza, ureztapenik gabekoa, baso-oihanak eta basamortuak). Gizakiaren influentzia-indizearen balio-eskala 0tik 64ra doa. Hain zuzen, 0 balioa gizakiaren inpakturik ez daukan gune batek edukiko du, eta 64 balioa, berriz, gizakiaren influentzia maximoa jasaten duen eremu batek.

Gizakiak ekosistemetan daukan eragin negatiboaren kausak hauexek dira: baliabide naturalen gehiegizko ustiapena, azpiegiturak eraikitzea, konposatu kutsakorren emisioa eta lurraldekoak ez diren espezie exotikoak sartzea. Horrelako ekintzek ondorioak kaltegarriak dituzte ekosistementzat, hala nola baliabide naturalen murrizketa, espezieen desagerpena eta habitaten suntsiketa.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search